Beskoitzeko ikastolarekiko elkartasun kontzertua

Badira hilabete batzuk Beskoitzeko ikastolakoengandik laguntza deia jaso genuela, eta, aurrekoetan bezalaxe, dei horri erantzun beharko geniokeela garbi geneukan Txantxiku ikastolan. Ikastolako komunitatea osatzen dugun guraso, ikasle eta langileok martxan jarri eta guztion txanda da orain ikastola txiki honi gure babesa eta laguntza eskaintzeko!

Hori horrela, otsailaren 2an, domeka, Beskoitzeko ikastolaren aldeko jaialdia izango da arratsaldeko 18:00etan, Mikel Goiangeruaren elizan. Egun horretan, 2018an hil zen Manex Pagola ardatz hartuta, premian dagoen Lapurdiko ikastola honi laguntzeko ekitaldi aproposa izango da gurean (Manex Pagolak laguntza aparta eskaini zion Beskoitzeko ikastolari bere sorreran). 

Jaialdi horretan gure artean izango ditugu Iparraldeko hainbat abeslari (Pantxoa Carrere, Michel Ducau, Iñaki Dieguez, Pantxix eta Marie Bidart, Mattin Lerissa, Maialen Errotabehere…) eta horiekin batera Oñatiko Juan Valls, Iñigo Arrazola eta Ander Etxaniz. Ekitaldia biribiltzeko Beskoitzeko ikastolako eta Txantxiku ikastolako haurrek ere pare bat abesti eskainiko dizkigute.

Dagoeneko salgai daude jaialdi honetarako sarrerak Txokolateixan eta Txantxiku ikastolako idazkaritzan. 5 urte bitarteko haurrentzat dohainik izango da, 6 eta 18 urte bitartekoek 5€ ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek, 10 €. Animatu eta zatoz zure aletxoa jartzera!

Kontzertuaz gain, Beskoitzeko ikastolaren alde otsailaren 7an, ostiralarekin, Bergarako Aranzadiko eta Txantxiku ikastolakook ELKARTASUN KROSA antolatuko dugu gure herrietan. Hasi beroketa lanetan! Laster izango duzue eta informazio zabalagoa.