6. mailako ikasleok ekintza bereziz betetako astea izan dugu

Azken egun hauetan hainbat jarduera garatu ditugu gelan eta gelatik kanpo Urtarrilaren 31n Donostiara joan ginen. Goizean, zientzia museoan bisita gidatua izan genuen eta kimikaren magia tallerrean parte hartu. Oso dibertigarria eta interesantea izan zen, hainbat momentutan geure burua zientzialari ikusi baikenuen.

Bazkalostean, berriz, Txuri Urdin izotz jauregian patinatzeko aukera izan genuen. Zelako barreak egin genituen! Otsailaren 3an, bestalde, gelan hezkidetza lantzeko saioak izan genituen Murgibe taldeko kideekin. Makina bat jolas eta ariketa egin genituen autoestimuan, errespetuan, estereotipoetan… oinarrituta. Oso ondo pasatu genuen, batez ere norberaren eta gure lagunen alde positiboak identifikatzeko orduan. Hezkidetzaren alorrean lan asko dugu egiteko guztiok, eta bide hori jorratzen jarraituko dugu. Bai horixe!!

Goiko guztiaz gain, otsailaren 6an, Txanelan odolaz lantzen ari garen gaiarekin lotuta, Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko bi erizainen laguntzarekin informazio interesgarrria eskuratzeko aukera izan genuen: ikerkuntzan eman diren pausoak aztertu, odolaren osagaiak, odol taldeak, transfusioen garrantzia... Beraien esanetan "medikuntzaren eta teknologiaren alorrean aurrerapen handiak egin badira ere, oraingoz odola ez da fabrikatzen eta, hortaz, odolemaileak dira bizitzarako ezinbestekoa den gai hori lortzeko iturri bakarra." Benetan interesgarria! Erizainek erakutsi duten jarrera ere, bikaina! Eskerrik asko benebenetan.