Benetako txantxikua zara?

Pasa den astean DBH 1 eta DBH 4ko ikasleak kalera irten ginen "Benetako txantxikua zara?" jolasa gauzatzera. Jolas hori Oñatiri buruzko galdera-erantzunetan dago oinarrituta, eta elkarrizketatuei gure herriari buruzko  ezagupenaz galde egiten zaie. Kultura, historia, kirola, gizartea eta Oñatiko euskalkiari buruzko 4 galderez osatutako hainbat txartelen bidez, ahalik eta erantzun zuzen gehien emango zituzten herritarrak aurkitu behar genituen DBH 1eko ikasleok. Hiruko taldetan antolatuta hartu genuen parte, eta DBH 4ko ikasleak izan genituen jarraipena egiten, arduradun moduan. Herritar askorengana iritsi ginen, eta pozik gelditu ginen izandako esperientziarekin. Benetako txantxiku asko aurkitu genituen.