Ikastolen Elkartearen omenaldia

Irailaren 30ean Elorrioko Arriola antzokian ospatu genuen ikastolok 2017-18 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Bertan izan ginen ere Txantxiku Ikastolako ordezkariak. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, ikastolen aurtengo ikasturteko erronkak azaldu zituen, eta erronka nagusiak hezkuntza eraldatzen jarraitzea eta Hezkuntza akordioa lortzea izango direla nabarmendu zuen. 

Kike Amonarrizek aurkeztutako ekitaldian omenaldirako tartea ere izan zen. Azken lau ikasturteotan mende erdira iritsi diren 27 ikastola omendu zituzten, horien artean gure ikastola. Elkarteak egindako lanari esker ona adierazi zigun, eta, bereziki, urteotan guztiotan erakutsitako konpromiso sendoa aitortu. Konpromisoa herri eta herritarrekiko, euskara eta euskal kulturarekiko, kalitatezko euskal hezkuntza eraldatzailearekiko eta ikasle guzti eta bakoitzarekiko.