KiVa egitasmoa

KiVa WEBGUNEA                                              GURASOENTZAKO GIDA

Mundu mailan eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko programarik eraginkorrena da KiVa, Finlandiako Turku-ko Unibertsitateak garatutakoa. Helburua, noski, ez da jazarpenak murriztea, baizik eta bakar bat gehiago ere ez gertatzea.

Datuek erakusten dute eskola jazarpena fenomeno globala dela. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ek jasan dute edo jasango dute bullyinga. Fenomeno globala eta larria, ikusten denez. Eskola jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile bat eta biktima bat daude, baina, datuek erakutsi moduan, baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere bai baita, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia.

Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.

Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.

Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.