dbh 4.maila 17-18

DBH 4.mailako ekonomiako ikasleak udaletxean

DBHko 4. mailako Ekonomiako ikasleok, geletan “Ekonomia eta Zergak” unitate didaktikoa landu ondoren, maiatzaren 15ean, Udaletxean izan ginen herriko aurrekontuaren inguruko gaiak lantzen udal kontuen gaia daraman Paskual Elustondorekin. Ondoren, Onintza Andres teknikariak “Partaidetzazko Aurrekontuak” ekimena azaldu zigun eta gelan egindako lanketaren ondorioz 8 proposamen aurkeztu berri ditugu Udaletxean. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu Paskual Elustondori eta Onintza Andresi eskaini ziguten tarteagatik eta eman zizkiguten azalpen guztiengatik.

"Arantzazu kultura da!" DBH 4.mailako ikasleen bideoa

"Arantzazu kultura da!" izenburua duen bideoa ikusgai dago jada Youtube-n. DBH4ko ikasle diren Oier Yaniz, Asier Igartua, Jone Anduaga eta Aitor Gordoak osatutako Txantxi Films taldeak egin du 2018ko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarea Saria lehiaketan parte hartzeko. Lan gogorra egin dute Arantzazuko santutegiak sortu duen euskal kultura ondarea ikertu eta modu erakargarrian denoi hurbiltzeko eta emaitza ederra izan da! Arantzazu ikuspuntu berri batetik erakutsi digute.

Ikasleak kazetari

Oihana Azkorbebeitiaren izena azkenaldi honetan, eta batik bat Aloñako igoeraren ondoren, dezente entzun da. Kirolari bikaina dugu eta DBH4ko hiru ikaslek, Goienako Galdegazte saioan, hau elkarrizketatzeko aukera paregabea izan dute. Kazetari eta aurkezleen mundua gertutik ezagutzeaz gain Azkorbebeitiari buruz gehiago jakiteko parada eskaini digute Jokin Bereziartuaren laguntzaz. Eskerrik asko bai Oihanari bai Jokini.

DBH 4.mailako ikasleen bidaiak

Teknologiako ikasleak Italian izan dira, apirilaren 8an abiatu eta 12an itzuli ziren etxera. Milan, Bergamo eta Verona bisitatzeaz gain, Leonardo da Vinciren hainbat asmakizun aztertu zituzten Milango zientzia museoan. Ederki ibili dira guztiak Italian eta, Oñatira bueltatzean, bidaian ikusi eta ikasitako guztiarekin teknologiako proiektu bat burutu beharko dute datozen asteetan.

DBH 4.mailakoak Zumaian

Joan zen martxoaren 23an DBHko 4. mailako ikasleok Zumaian izan ginen eta itsasoari begirada bat bota ondoren, kosta eta flyscharen ezaugarriez jabetzeko, Algorri interpretazio zentrora abiatu ginen. Azalpenak jaso ondoren, itsaslabarrera hurbildu eta geologiako edertasunaz gozatu genuen interpretazio zentroko gidari baten laguntzaz. Irteera oso interesgarria izan zen.

Diwan lizeoko ikasleekin elkartrukea

Aurten ere DBH 4.mailako frantseseko ikasleok gure lagun bretoiekin elkartrukea burutu dugu. Pasa den ostegunean iritsi ziren Oñatira eta atzo arte gurekin izan dira. Ekintzaz betetako astea igaro dugu elkarrekin! Oñatiko txoko ezagunenak bisitatzeaz gain, Bilbo eta Donostian izan dira. Azken egunean Udaletxean alkatearen harrera jaso zuten eta elkartrukearen lehenengo atalari bukatzeko,  festa txiki bat ospatu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiegu elkartruke hau posible egin duzuen guraso eta langileei! Mila esker!

RSS - dbh 4.maila 17-18-era harpidetu