dbh 4.maila 18-19

Maiatzaren 22an, DBH 4.mailako ikasleok Donostiara joan ginen. Irteera honetan EITB-ko Miramongo egoitza ikusteko aukera izan genuen, tartean Euskadi Irratia eta Euskadi Gazteako estudioak eta ETBko platoak ezagutuz. Esatari eta kazetarien lana gertutik bizi eta telebistako lehiaketako programa baten grabaketa ere ikusi ahal izan genuen.

Aste Santuko oporretatik bueltan, DBH 4. mailako ikasleekin pare bat bidaia burutu genituen. Frantseseko ikasleekin Bretainian egon ginen astebetez, Lise Diwan Karaez ikastetxeko ikasleekin egindako elkartrukearen bigarren zatia osatzeko. Teknologiako ikasleekin berriz, Bartzelonan izan ginen, coworking eta maker proiektu ezberdinak ezagutzen. Esperientzia ahaztezinak utzi zizkiguten bi bidai izan dira, dudarik gabe!

Apirilaren 5ean Donostian ospatutako Zuk Zeuk eguneko garaile izan ziren Txantxiku Ikastolako DBH 4.mailako ikasleak. Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko My Way kooperatibak antolatutako ginkana erraldoian Gipuzkoako 400 ikaslek parte hartu zuten. 

Bertan, Garapen Iraunkorreko bost helburu landu zituzten gazteek: Goserik ez, Etorkizuneko hezkuntza, Genero berdintasuna, Mugikortasun iraunkorra eta Belaunaldien arteko aliantzak.

Pasa den eguenean agurtu genituen aurten Oñatira etorri diren lagun bretoiak. DBH 4. mailako frantseseko ikasleek zortzigarren urtez burutu dute Karaez herriko Diwan lizeoko ikasleekin elkartrukea. Astebete izan dira gurekin bretoiak eta, tarte horretan, Oñati, Donosti eta Bilbo ezagutzeko aukera izan dute. Elkarrekin une ederrak igaro ditugu!

Lerro hauen bitartez elkartruke hau posible egin duzuen familia eta langileei eskerrak eman nahi dizkizuegu. MILA ESKER!

DBH 4 .mailako 4 ikasle, kazetari lanetan aritu gara Goiena Telebistako Galdegazte saioan. Bertan, Oihana Aldai Errealeko atezaina elkarrizketatzeaz gain, aurretik honen familiakoekin eta lagunekin harremanetan jarri gara kirolaria animatzeko bideotxo batzuk grabatuaz.

Kazetarien eta telebistaren mundua gertutik ezagutzeko aukera aparta izan dugu!

Hementxe duzue elkarrizketa ikusgai: GOIENA.EUS

DBHko 4. mailako Ekonomiako ikasleok, geletan Ekonomia eta Zergak unitate didaktikoa landu ondoren, martxoaren 12an B taldekoak eta 15ean A taldekoak, Udaletxean izan ginen zergen eta aurrekontuaren inguruko gaiak lantzen. Udal Kontuen gaia daraman Paskual Elustondok eta Mikel Biain alkateak, besteak beste, Oñatiko Udalak jasotzen dituen zergak, horien ezaugarriak eta aurrekontuaren inguruko informazioa ezagutzeko aukera eskaini ziguten. 

Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu Paskual Elustondori eta Mikel Biaini eskaini ziguten tarteagatik eta emandako azalpenengatik.

DBH 4. mailako Ekintzailetzako ikasleok otsailaren 8an JAKIONeko Susana Aiastuiren bisita izan genuen eta ekoizten dituzten produktuak eta horien kalitateaz jabetzeko ezaugarriak azaldu zizkigun. Gure galdera guztiak ere oso ondo erantzun zituen. Gure proiektua bideratzeko laguntza ezin hobea izan zen!

Mila esker, Susana, eskaini zenigun arretarengatik!!!

Joan zen otsailaren 6an DBHko 4. mailako ikasleok Zumaian izan ginen eta itsasoari begirada bat bota ondoren, kosta eta flyscharen ezaugarriez jabetzeko, Algorri interpretazio zentrora abiatu ginen.

Azalpenak jaso ondoren, itsaslabarrera hurbildu eta geologiako edertasunaz gozatu genuen interpretazio zentroko gidari baten laguntzaz. Irteera oso interesgarria izan zen.

DBH 4.mailako Ekintzailetzako ikasleak joan zen eguaztenean Txokolateixian izan ginen eta Oihana Diazek txokolatearen osagaiak eta ekoizpenaren xehetasunak azaldu zizkigun. Gure galdera guztiak erantzun zituen eta txokolatea dastatzeko aukera ere izan genuen. Oso gustura egon ginen.

Mila esker, Oihana!

DBH 4. mailako ikasleok urtarrilaren 9an Gomiztegi baserria bisitatu genuen. Ainhoa Inzak Gomiztegiko gaztagintza eta Artzai eskolaren ezaugarri guztiak azaldu zizkigun, gure galdera guztiak erantzun eta gazta goxoa dastatu genuen. Ukuiluan ardiak eta arkumeen artean egon ginen eta bildotsen jaiotzak ikusi genituen.

Bisitaren bukaeran, Mikel Arregiren laguntzaz, ardi txakurraren lana ikusteko aukera izan genuen. Ainhoak Ekintzailetza arloko proiektua aurrera eramateko, saltzen duten gaztaren prezioen berri ere eman zigun.

RSS - dbh 4.maila 18-19-era harpidetu