Agenda 21

2005-2006 ikasturtez geroztik Txantxiku Ikastolak Eskola Agenda 21 programan parte hartzen du. Eskola Agenda 21 ingurumen-hezkuntza programa da; ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da xede nagusia.

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauek dira:

  • Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta
  • Ikasleen protagonismoa bilatzen du.
  • Kudeaketa arduratsu eta iraunkorra sustatzen du.
  • Curriculum-berrikuntza eragiten du.

Txantxiku Ikastolan gai ugari landu ditugu ingurumenaren inguruan: hondakinen kudeaketa, energiaren kontsumo jasangarria, mugikortasuna, uraren erabilera arduratsua, elikadura orekatua eta jasangarria…

Ikasleekin unitate didaktikoak lantzeaz gain, formazio saioak, ikastaroak, irteerak, tailerrak, ibilbideak, ortu eskola… antolatzen ditugu hezkuntza komunitate osoari zuzenduta; bertan ikasle, guraso eta irakasleei parte hartzeko aukera eskainiz.

 

BIRZIKLAKETAREN INGURUAN, TXANTXIKU IKASTOLAN EGITEN DUGU...

  1. Paperaren erabilera: % 100 birziklatutako paperaren erabilera nagusi da ikastolan. Gainera, alde bakarretik erabilitako paperaren berrerabilpena bultzatzen da (zirriborroetarako, ohar ez formaletarako…). LH 2. mailakoek urtero parte hartzen dute papera birziklatzen tailerrean Natur Eskolan.

  2. Posta elektronikoaren erabilera: ikastolak posta elektronikoaren erabilera bultzatzen du bere bezeroen artean. Gero eta gutxiago dira komunikazioak paper euskarrian jasotzen duten familiak. Etorkizun hurbilean, familia bakoitzari ikastolak sortutako helbide elektronikoa ematea posible izango da. Bestalde, langileek nominak posta elektronikoz jasotzen dituzte.

  3. Edontzi berrerabilgarriak: Ikasle nahiz langileen artean mota honetako ontzien erabilera bultzatzen da. Makinako kafea, esaterako, merkeago da norberak jarritako edalontzia erabiliz gero. Bestalde, ikastolak edontzi sorta dauka jai berezietan (ikastolaren eguneko ikasleen bazkarian eta luntxean…) erabil daitezen.

  4. Material didaktikoaren berrerabilera: Mailako materialak ahalbideratzen duenean egiten da. Mailegu sistema ere bultzatzen da. Ikasturte hasieran ikasleei liburu berrerabilgarrien zerrenda ematen diegu eta animatzen dugu lagunei, etxekoei… eskatzeko.

  5. Bigarren eskuko azoka: oraindik ikasmaterialarena egin ez bada ere, gaia aztergai dago eta egitea aurreikusten da. Bestalde, BHko ikasleek bigarren eskuko gauzen azoka egiten dute ikasbidaia finantzatzeko.

  6. Hondakin organikoen kudeaketa: sukaldeko hondakin organikoak ortuko konpostera bideratzen dira.

  7. Pilen erabilera: ikastolan oso urria da piladun gailuen erabilera. Halere, pilak jasotzen dira, eta ikasleei ere, aukera ematen zaie etxetik ekartzeko.

  8. Inprimaketak eta tonerra: 2012-2013 ikasturtetik geletako inprimagailuak kendu eta inprimagailu zentrala jarri zen papera eta tonerraren kontsumoa gutxitzeko asmoz. Geratzen diren inprimagailuen tonerrak hauetan espezializatutako enpresa batek biltzen ditu era egokian tratatuak izan daitezen.

  9. Jangelako tresneria: jantokian bazkaltzen dutenek oihalezko zapiak erabiltzen dituzte. Bestalde, jaietarako edontzi berrerabilgarriak erabiltzen dira.

  10. Bolumen handiko hondakinak: ikasleen mahaiak oso hondatuta daudenean mahai gainak bakarrik aldatzen dira. Bestelako altzariak ez dira garbigunera eramaten berrerabilgarri badaude.

  11. Faktura elektronikoak: idazkaritzak faktura elektronikoak eskuratzen ditu.

  12. Bilgarri berrerabilgarriak: ikasleen artean era honetako bilgarrien erabilera bultzatzen da. Merienda ikastolan egiten duten umeei oihalezko poltsa ekartzea eskatzen zaie.