Oxigenoa Euskarari 6000 metroan ere

Gabon aurretik, Felipe Uriarte goi-mendi gidari oñatiarrak gidatutako proiektu honen berri eman genizuen eta pixkanaka-pixkanaka ari gara gorpuzten ekimen hau ere ikastolan. Mendizaletasuna eta euskara ardatz dituen proiektu honek, udazkenean Himalaian mendi espedizio bat egiteko Euskal Herriko 15 gazte eta 10 sherpa gazte harremanetan jarriko ditu; tartean, Txantxiku Ikastolako ikasleak egongo direlarik.

Baina Himalaiaraino iritsi aurretik, lan ugari egin beharko dute gazte euskaldunek. Asteburuan, espedizioan parte hartuko duten gazte guztiak elkartuko dira Oñatin lehendabizikoz. Txantxiku Ikastolako espedizio-kideek prestatu dute hitzordua eta bertan, elkar ezagutzeaz gain, datozen hilabeteetako lanak zeintzuk diren eta hauei nola aurre egin ere erabakiko dute.

Ikastolako ikasle, langile eta guraso guztien laguntza beharrezkoa izango da datozen hilabeteetan ere erronka berri honetan! Zorte on guztioi!