"Egunean Behin" aplikazioan ikastolako taldea sortu dugu

Gurasoen kontseiluko euskara taldetik, joko arrakastatsu honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Hamar galdera motz dira, zeintzuk erantzuteko minutu eskas bat dagoen. Oso dinamika errazeko jokoa da eta egunean jokaldi baterako aukera ematen du, mugikorretik. Tribial itxurako 10 galdera erantzun beharko dira (kultura, kirola, matematika, geografia, literatura,...), eta izandako emaitzen eta denboraren arabera puntu gehiago edo gutxiago lortuko dira. Zenbat eta gehiago asmatu, eta zenbat eta bizkorrago, puntu gehiago!

Lortutako puntuen arabera aplikazioko erabiltzaile guztien artean sailkapen orokor bat egoten da. Hau astekoa izaten da: astelehenetik igandera arteko partidak hartzen dira kontuan. Astero bi sari eskaintzen ditu jokoak, bata sailkapenean lehenengo gelditzen denarentzat, eta bestea zozketa bitartez. Sailkapen orokorraz gain taldeak ere sor daitezke, eta horixe da Gurasoen kontseiluko Euskara taldekook egin duguna. “Txantxiku Ikastola” izeneko talde bat sortu dugu eta ikastola osatzen dugun guztion artean (guraso, ikasle, langile….) euskaraz jokatzeko aukera izatea du helburu. Android mugikorretan zein Iphone-etan instala daiteke aplikazioa, beraz animatu eta batu gure taldera! Ez ezazu galdu egunean behin minutu pare batez euskaraz jokatzeko aukera!