HH 5 eta LH 6. mailako ikasleak San Martin egoitzan eta Eguneko zentroan

Abenduaren 11n eta 18an, Haur Hezkuntzako 5 urteko haurrak eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak Oñatiko San Martin egoitzan eta Eguneko Zentroan izan ziren, eta bertan bizipen aberatsez gozatzeko aukera izan zuten.

HH 5 urteko haurrek bertako egoiliarren aldetik ipuin bat eta hainbat kontakizun jaso zituzten, eta, ondoren, han daudenekin batera, marrazkiak egin eta horiek koloreztatzen aritu ziren. Eurekin abesti bat kantatzeko beta ere izan zuten. LH 6. mailako ikasleek, ordea, EKI egitasmoan garatzen ari diren ‘Bota punttua!!!’ proiektuaren jarduera osagarri gisa, bertsolaritza saio xumea eskaintzeko aukera izan zuten. Batetik, betiko bertso ezagunak (‘Iparragirre abila dela’, ‘Markoxen txerrixe’, ‘Markesaren alaba’…) eskaini zizkieten bertakoei, eta, ondoren, ikasleek eurek sortutako hainbat bertso kantatu zizkieten gure adinekoei.