Txoribox egitasmoa

Pasa den igandean, urtarrilaren 18an, 3. mailako ikasleok Oñatiko Natur Eskolan formazio saioa izan genuen Aranzadi Zientzia elkarteko ordezkariekin. Jarduera hori Txoribox egitasmoaren barnean integratzen da. Hirugarren saio horretan, Aranzadi elkarteko Beñaten eta Nerearen laguntza eta aholkularitzarekin, bertako txorientzako hamabost bat habia-kutxa eraikitzeko aukera izan genuen, eta jarraian, Natur Eskolaren inguruko zuhaitzetan zintzilikatu genituen, apirila eta ekaina bitartean txantxangorriek, kaskabeltzek edota amilotxek euren habiak kutxa horietan egiteko aukera izan dezaten. 201 4ko azaroan eta abenduan izandako beste bi saioetan, Euskal Herriko hegaztiei buruz informazioa jasotzeaz gain, txoriei eraztunak nola jartzen zaizkien eta horien jarraipena nola egiten den ikusi eta ikasteko aukera izan genuen. Eskerrik asko Beñat eta Nerea horrelako esperientzia aberatsak bizitzeko aukera emateagatik.

Informazio gehiago hemen.